top of page

 

Behin batean bazen Kukubel izeneko neskato umezurtz bat. Kukubel mendian ibiltzen zen artzain,  eta musikazale amorratua zen. Artezko eta espelezko musika-tresnak berak egiten zituen: ttunttunak, txistuak, txilibituak eta txirulak, baita ederki jo ere. Inguru guztiak alaitu eta txoriak pozez kantari jartzen zituen bere doinu gozoekin!

Egun batean, ardiekin larretan eta belarretan zebilela, Anbotoko Dama agertu zitzaion bere suzko gurdian. 

-Askotan aditzen zaitut nire leize-zulotik, eta benetan atsegin dut zure musikaren soinua entzutea. Neskato, zer nahi duzu saritzat?

-Nik txirula bat nahi nuke, entzuten duenari dantzan eragingo diona.

Orduan, eskuan agertu zitzaion txirula hori, bai eta bere aurretik Anbotoko Dama desagertu ere. Eta neska pozik eta kontent jotzen hasi zen. Eta doinua entzunda, inguruan zituen ardi eta arkumeak dantzan hasi ziren, dantzan eta dantzan, triska eta triska, musika bukatu arte. 

Egun hartan, herriko apaiza, ehiztari amorratua baitzen, inguru haietan zebilen erbi baten atzetik. Kukubel gazteak txirula hartu, eta konturatu gabe, jotzen hasi zen. Musika entzun bezain laster, dantzan eta dantzan hasi zen apaiza, triska eta triska gelditu ezinik, sasi artean, arantza zorrotzek larrua eta jantziak urratzen zizkiotela.

Haren haserrea txirula isildu zenean! Herrira jaitsi eta gertatutakoaren berri eman zien herritar guztiei.

-Kukubel sorgina da eta urkamendira eraman behar dugu! - esan zuen azkenik, bere onetik aterata.

Esan eta egin. Biharramunean, urkamendira eraman zuten Kukubel, eskuak sokaz lotuta. Hil behar zutela eta, mesede bat eskatu zien neskak herritarrei: eskuak askatzeko.

Askatu zizkioten, bada, eskuak, eta txirula gona azpitik aterata, jotzen hasi zen. Eta herriko gizon-emakumeak, zhahar eta gazteak, dantzan hasi ziren. Dantzan eta dantzan, bueltaka, biraka. Herritarrak, pozarren zeuden horrelako musika ederrak entzunda eta dantza politak eginda eta, azkenean, Kukubel neska gaztea hantxe bertan libre utzi zuten.

HIZTEGITXOA

arte, ezpel: bi zuhaitz mota.

ttunttun: danbolina.

umezurtz: aita, ama edo biak hil zaizkion haurra.

urkamendi: hiltzera zigortuak urkatzeko tokia.

urratu: azala, oihala edo papera puskatu.

KUKUBEL

Kukubel

Anne Garitaonaindia

ATALAK
bottom of page